Has gaitezen trikimailu linguistiko hauen biluzte lotsagabea aldarrikatzen. Gaur goizean entzun dut PPko bozeramaile bat “totalitario” hitza astintzen. Jakina denez, ETAk bat egiten du Ezker Abertzaleak dituen helburu politikoekin. Baina Oyarzabalen esanetan proiektu politiko hau totalitarioa da nahiz eta jada indarkeriarik ez erabili berau lortzeko. Ondorioz independentzia eta sozialismoa nahi izatea totalitarioa izatea da. Ez helburu hori lortzeko praktika bera totalitarioa delako, baizik eta helburua bera delako totalitarioa. Horrela, subkontzientean gelditzen zaigu independentista eta sozialistak totalitarioak direla eta ideologia hau duten eragile eta pertsonak baztertzea zilegi dela. Denon onerako noski.
Zenbat aldiz entzun dugu “erradikal” hitza testuinguru negatiboetan itota? Erradikaltasuna txarra dela deritzo iritzi publikoak, kontzeptu bortitza bihurtu dute. Eta bihurtu dute diot bere oinarria guztiz positiboa delako. Erradikala sustraietara doana da. Arazo, gatazka edo gai baten inguruan erradikala izatea, afera horren sorrera ezaugarrietara jotzea da berau ulertu eta konpondu ahal izateko. Egungo politikariek arazoen gainazalean surfeatzeko duten joera ikusirik eskertuko nituzke erroetara begiratzeko gaitasuna duten erradikal gehiago, instituzioetan eta kaleetan.

Bukatzeko, pena handia ematen didan hitz bat ekarriko dut pantailara. “Demokrazia”. Koma larrian dagoen terminoa da hau. Demokrazia zer den inposatu digute irakurketa interesatu batetik abiatuz. Herriaren botereari egiten dio erreferentzia berez demokraziak. Baina egun agerikoa da herriaren boterea klase politikoak erosi duela. Garaiotan, alderdi politikoek komunikabide propioak dituzte, non hauetan behar duten mezua zabaltzen duten. Zenbat eta baliabide ekonomiko gehiago izan orduan eta hedatuagoa egongo da zabaldu nahi duten ideia. Horrela, hausnarketarako gaitasuna nagituta duen jendartearen iritzian eragin dezakete hauteskunde batzuk irabazteraino. Eredu hori bultzatzen dute gainera, ez pentsatzera gonbidatzen gaituzte. Hortik aurrera bidea garbi komeni zaizkien proiektu eta legeak inposatzeko. Hor ixten da korapiloa. Zer eta nor den demokratikoa erabaki eta epaitzeko monopolioa ere indarrez lortu dute. Botereak sortutako eskema zurrun horretatik desbideratze minimoa duen oro legalki kolpatu daitekeen etsai kontsideratzen da demokrata guztien oniritziarekin. Guzti honen adibide garbia da Espainiar estatua bere osotasunean une honetan. Botere ekonomikotik heltzen da botere politikoa, eta hau horrela den artean, herriak leku gutxi du. Beraz, esan daiteke demokrazia ezari deitzen zaiola gaur egun demokrazia. Eredu neoliberala, eta Espainiar kasuan faxista da demokraziaren atzean gordetzen dena, neofaxismo moduko bat alegia. Norbaiti irakurri diodan moduan, “faxismoa energia bezalakoa da, ez da desagertzen, transformatu egiten da".
Ez da hitz gehiago onartzen gaurkoz, kontsulta gainezka dago baina ez ditut orain lan baldintzak aldatuko. Itxarongelan bada lekua hitz zaurituentzako, beste baterako diagnostiko alarmista gehiago.
Ez da hitz gehiago onartzen gaurkoz, kontsulta gainezka dago baina ez ditut orain lan baldintzak aldatuko. Itxarongelan bada lekua hitz zaurituentzako, beste baterako diagnostiko alarmista gehiago.
No hay comentarios:
Publicar un comentario