Alferrik dira gobernuak une honetan, ez dira hauek gure ekonomia kudeatzen dutenak. Soilik benetan agintzen dutenen beso mekanizatuak dira. Argumentu konspiratzaile zinematografikoa dirudien arren, guztiz konbentzitua nago errealitatea barrez itotzear dela fikzioaren aurrean.
Badira aintzat hartu beharreko gertakariak norabide honetan usteak lerrokatzeko. 1989an Berlingo harresiaren desagerpenarekin hasi zen guztia. Ordura arte sistema kapitalistak bazuen tentsioz betetako konpetentzia zuzena: komunismoa. Baina Europako gune komunista indartsuena desagertzearekin batera, kapitalismoaren hortzek irribarre zabala marraztu zuten. Dena libre, bidea garbi eta diru asko irabazteko. Hor hasi zen egun dugun kapitalismo basatiaren garapen ziklikoa. “Demokrazia” hitza indarrez prostituitu dute harrezkero kapitalaren interesen arabera. Ematen du estatu bat kapitalista ez bada, diktadura baten menpe dagoela eta ez gara konturatzen demokrazia bera bihurtu zaigula neofaxismoaren mozorro erakargarri.
Testuinguru honetan, hazkunde garaiek erosotasun eta gain-kontsumora lotu gaituzte, “ongizate” deitu dutela uste dut . Soilik galtzeko zerbait dagoenean azaltzen da beldurra eta galtzekoa ongizatea bera denean, beldurra sentipen bat izatetik jarrera bat izatera igarotzen da. Horretan gauzkate orain gobernuek, beldurra biziarazten. Beldurra betidanik izan da kontrol sozialerako tresna eraginkorra, beldurrak aktibismoa izozten du, beldurrak sumisioa sortzen du, beldurrak norbanakoa hiltzen du.

Dena den, orain da unea non, goi mailako politikariek ez duten adorerik merkatuen jardunean eskua sartzeko. Hori da soluzio eraginkorretako bat, banku, agentzia eta merkatua osatzen duten bestelako erakundeei hankak gelditzea estatuak. Nazionalizatzearen ideiak geroz eta indar gehiago hartu beharko luke, gutxienez bankuek presioa jasan dezaten. Bitartean alferrik da Espainian PP edo PSOE bozkatzea, biek egingo baitute berdina: Angela Merkelen bitartez kalifikazio agentziek emandako aginduak bete. Hauek dira guregan aginte osoa duten erakundeak benetan, Goldman Such, Standards & Poor´s edo Moody´s bezalako enpresak. Hauek baldintzatzen dituzte Europako estatuen erabaki ekonomikoak, baita zure poltsikoko xentimoen joan-etorriak ere.
No hay comentarios:
Publicar un comentario