jueves, 16 de febrero de 2012

Larri zauritutako hitzen kontsulta

 Hitz eta kontzeptu ugari triste ikusten ditut, indarrez esplotatutako langile ahulenen tankeran. Hitzon osasunak asko arduratzen nau, horregatik bortxatutako termino batzuetaz mintzatuko nahiz oraingoan. Lau hitz ekarriko ditugu kontsultara lehen diagnostiko bat egin asmoz.

 Has gaitezen trikimailu linguistiko hauen biluzte lotsagabea aldarrikatzen. Gaur goizean entzun dut PPko bozeramaile bat “totalitario” hitza astintzen. Jakina denez, ETAk bat egiten du Ezker Abertzaleak dituen helburu politikoekin. Baina Oyarzabalen esanetan proiektu politiko hau totalitarioa da nahiz eta jada indarkeriarik ez erabili berau lortzeko. Ondorioz independentzia eta sozialismoa nahi izatea totalitarioa izatea da. Ez helburu hori lortzeko praktika bera totalitarioa delako, baizik eta helburua bera delako totalitarioa. Horrela, subkontzientean gelditzen zaigu independentista eta sozialistak totalitarioak direla eta ideologia hau duten eragile eta pertsonak  baztertzea zilegi dela. Denon onerako noski.
 Zenbat aldiz entzun dugu “erradikal” hitza testuinguru negatiboetan itota? Erradikaltasuna txarra dela deritzo iritzi publikoak, kontzeptu bortitza bihurtu dute. Eta bihurtu dute diot bere oinarria guztiz positiboa delako. Erradikala sustraietara doana da. Arazo, gatazka edo gai baten inguruan erradikala izatea, afera horren sorrera ezaugarrietara jotzea da berau ulertu eta konpondu ahal izateko. Egungo politikariek arazoen gainazalean surfeatzeko duten joera ikusirik eskertuko nituzke erroetara begiratzeko gaitasuna duten erradikal gehiago, instituzioetan eta kaleetan.
 Tratu txarrak jasan dituen beste hitz bat “bakea” dela deritzot. Hain polita, erabilia eta beharrezkoa den hitz honek alde iluna ezkutatzen du. Bakea ulertzeko moduak daudela esan daiteke ia, jendartearen gehiengo handi batek bakea biolentziarekin lotzen du: kaleetan indarkeriaren bidez sortzen den espresiorik ez dagoen bitartean, bakea dago. Nik ez dut horrela ulertzen. Justiziarekin lotzen dut. Justiziarik ez dagoen bitartean ezin da egon bakerik, injustizia horrek indarrez zapaltzen dituen pertsonak ezin direlako ondo egon eta hau konpontzeko borroka molde desberdinak erabili behar dituztelako. Ondorioz, ekintza biolentoak agertu daitezke injustiziaren aurrean. Gainera, badira bake hori oztopatzen duten biolentzia mota onartuagoak, poliziek beraien lana exekutatzeko biolentzia erabiltzen dute sarritan. Edo sexu indarkeriaren hedapena garbia da gaur egun, beraz hau desagertu arte ezin genezake bakeaz hitz egin. Horrela, erakunde armatuen desagerpenarekin soilik bakean bizi gaitezkeela esan genezake? Ez dut uste. Desberdintasun sozialean oinarritutako sistema kapitalistak agintzen duen bitartean ezingo dugu benetako bakea aipatu.
 Bukatzeko, pena handia ematen didan hitz bat ekarriko dut pantailara. “Demokrazia”. Koma larrian dagoen terminoa da hau. Demokrazia zer den inposatu digute irakurketa interesatu batetik abiatuz. Herriaren botereari egiten dio erreferentzia berez demokraziak. Baina egun agerikoa da herriaren boterea klase politikoak erosi duela. Garaiotan, alderdi politikoek komunikabide propioak dituzte, non hauetan behar duten mezua zabaltzen duten. Zenbat eta baliabide ekonomiko gehiago izan orduan eta hedatuagoa egongo da zabaldu nahi duten ideia. Horrela, hausnarketarako gaitasuna nagituta duen jendartearen iritzian eragin dezakete hauteskunde batzuk irabazteraino. Eredu hori bultzatzen dute gainera, ez pentsatzera gonbidatzen gaituzte. Hortik aurrera bidea garbi komeni zaizkien proiektu eta legeak inposatzeko. Hor ixten da korapiloa. Zer eta nor den demokratikoa erabaki eta epaitzeko monopolioa ere indarrez lortu dute. Botereak sortutako eskema zurrun horretatik desbideratze minimoa duen oro legalki kolpatu daitekeen etsai kontsideratzen da demokrata guztien oniritziarekin. Guzti honen adibide garbia da Espainiar estatua bere osotasunean une honetan. Botere ekonomikotik heltzen da botere politikoa, eta hau horrela den artean, herriak leku gutxi du. Beraz, esan daiteke demokrazia ezari deitzen zaiola gaur egun demokrazia. Eredu neoliberala, eta Espainiar kasuan faxista da demokraziaren atzean gordetzen dena, neofaxismo moduko bat alegia. Norbaiti irakurri diodan moduan, “faxismoa energia bezalakoa da, ez da desagertzen, transformatu egiten da".

Ez da hitz gehiago onartzen gaurkoz, kontsulta gainezka dago baina ez ditut orain lan baldintzak aldatuko. Itxarongelan bada lekua hitz zaurituentzako, beste baterako diagnostiko alarmista gehiago.

jueves, 2 de febrero de 2012

Egoera interesg(l)arria


 Alferrik dira gobernuak une honetan, ez dira hauek gure ekonomia kudeatzen dutenak. Soilik benetan agintzen dutenen beso mekanizatuak dira. Argumentu konspiratzaile zinematografikoa dirudien arren, guztiz konbentzitua nago errealitatea barrez itotzear dela fikzioaren aurrean.
 Badira aintzat hartu beharreko gertakariak norabide honetan usteak lerrokatzeko. 1989an Berlingo harresiaren desagerpenarekin hasi zen guztia. Ordura arte sistema kapitalistak bazuen tentsioz betetako konpetentzia zuzena: komunismoa. Baina Europako gune komunista indartsuena desagertzearekin batera, kapitalismoaren hortzek irribarre zabala marraztu zuten. Dena libre, bidea garbi eta diru asko irabazteko. Hor hasi zen egun dugun kapitalismo basatiaren garapen ziklikoa.  “Demokrazia” hitza indarrez prostituitu dute harrezkero kapitalaren interesen arabera. Ematen du estatu bat kapitalista ez bada, diktadura baten menpe dagoela eta ez gara konturatzen demokrazia bera bihurtu zaigula neofaxismoaren mozorro erakargarri.
 Testuinguru honetan, hazkunde garaiek erosotasun eta gain-kontsumora lotu gaituzte, “ongizate” deitu dutela uste dut . Soilik galtzeko zerbait dagoenean azaltzen da beldurra eta galtzekoa ongizatea bera denean, beldurra sentipen bat izatetik jarrera bat izatera igarotzen da.  Horretan gauzkate orain gobernuek, beldurra biziarazten. Beldurra betidanik izan da kontrol sozialerako tresna eraginkorra, beldurrak aktibismoa izozten du, beldurrak sumisioa sortzen du, beldurrak norbanakoa hiltzen du.
 Badago jendartea pasibitatera bultzatzen duen beste elementu kezkagarri bat ere, desinformazioa. Konturatzen bagara, politikari batek ekonomiaz hitz egiten duenean ez dizkigu gauzak azaltzen era ulerterraz batean, adibide gutxi jartzen ditu eta terminologia ulergaitza erabiltzen du. Ez da soilik gaia menperatzen duelako, baizik eta guk ez ulertzeko. Ezjakintasun horrek, teorian dakienari egin beharreko guztia egiten uzteko ideia sortzen digu. Beraz, guztiz delegatzen dugu arazoen konponketa eta gainera fidatu egiten gara.  Baina zorionez jendarte guztia ez da hain pasiboa eta badira informazio erreala zabaltzen duten mugimendu sozio-politikoak eta komunikabide alternatiboak besteak beste. Kontutan hartzekoa ere interneten sortzen ari den mundu gerra antzerako hau. Interneta da botere kapitalistak guztiz kontrolatzen ez duen gune garrantzitsu bat eta orain horregatik ari dira neurri zorrotzak hartzen, sareko kontrol osoa izateko. Zentsuraren legeztatze moduko honen aurrean erantzuna duina izaten ari da sistema kapitalistaren aurkako aktibisten aldetik.
 Dena den, orain da unea non, goi mailako politikariek ez duten adorerik merkatuen jardunean eskua sartzeko. Hori da soluzio eraginkorretako bat, banku, agentzia eta merkatua osatzen duten bestelako erakundeei hankak gelditzea estatuak. Nazionalizatzearen ideiak geroz eta indar gehiago hartu beharko luke, gutxienez bankuek presioa jasan dezaten. Bitartean alferrik da Espainian PP edo PSOE bozkatzea, biek egingo baitute berdina: Angela Merkelen bitartez kalifikazio agentziek emandako aginduak bete. Hauek dira guregan aginte osoa duten erakundeak benetan, Goldman Such, Standards & Poor´s edo Moody´s bezalako enpresak. Hauek baldintzatzen dituzte Europako estatuen erabaki ekonomikoak, baita zure poltsikoko xentimoen joan-etorriak ere.