martes, 11 de septiembre de 2012

Interlude, bihotza eta ukabila


 Oraingoan, eta kostata izan bada ere, musika izango dugu hizpide horma gorri honetan. Behar duelako musika ere pertsonak garatu ahal izateko. Hitzok idazteko, aurki Zaragozatik euskal herrietara bisitan etorriko zaigun talde baten azken diskoa aztertuko dugu. Interlude deitzen dira eta “A La Deriva” izeneko lana aurkeztera datozkigu.

 2006an sortutako proiektu honek urte horretan bertan argitaratu zuen hiru abestiz osatutako lehen lana, 7” izenekoa. Aurrerapen  horren gibeletik, urte berean “Les Miserables” diskoa kaleratu zuten eta ordutik, 2008an “10000 Ans De Vengeance” eta orain hizpide dugun “A La Deriva”  2012an. Taldearen diskografian belarriak murgildu ostean, post-hardcore eszenan koka dezakegu taldea inon sailkatzeko beharrik badugu. Azken lan honetarako gainera, ezaguna dugun musikari bat izan dute teknikari lanetan, Lisabö taldeko Karlos Osinaga. Eta nahasketak egiterakoan Hans Krügerren eskua hautatu dute. Elementu hauen baturatik, disko oso interesgarri eta gomendagarria iritsi zaigu gure  burmuinetan gelditzeko asmoz.

 Zortzi abestietatik lehena entzuterakoan igarriko dugu badirela aldaketak azken lan honetan. Kaleratu dituzten diskoen artean iragandako urteek eragina izan dute eta puntu horretan garapenaren norabidea identifika dezakegu. Zehazki, bi dira aldaketa azpimarragarrienak:

 Alde batetik, hizkuntzari dagokiona. Orain arteko diskoetan erdara eta frantsesa erabili dituzte hitzetan, eta esan beharra dago frantses hizkeraren sonoritatea ezin hobeto ezkontzen dela post-hardcorearen intentsitatearekin. Baina oraingoan erdara hutsez agertzea erabaki dute. Rockzone aldizkarian Lorenzo Arrancó gitarra joleak adierazi duenez, aurreko diskotik zuten ideia hori buruan eta oraingoan egin ahal izan dute, hitzetan arreta handiagoa jartzea lortuz. Horrela Palestinaren inguruko mezuak “Viernes de Nakba” abestian, memoria historikoaren inguruko berbak “Olvido” abestian edo zapalketen inguruko hausnarketak entzungo ditugu “La Voz De Los Sin Voz” izeneko abesti ederrean, besteak beste.

 Bigarren aldaketari, garapen musikala deitzea egokiago da kasu honetan. Izan ere, aurreko lanetako intentsitatea eta indarra mantentzen dituzte. Beste lanetako gitarren soinuak bortitzagoak ziren ukitu leunagoak tartekatuz intentsitateen beharrizanen arabera, baina azken lan honetan gitarren soinuak likatsuagoak eta sentikorragoak dira. Momentu batez  Explosions In The Sky bezalako taldeen sonoritate atmosferikoa gogorarazi didate, zeresanik ez azken abestia instrumentala dela entzutean. Bateriaren soinuak ere bat egiten du gitarren ildo berrituarekin eta zurruntasuna galdu dute kolpeek. Baxuaren soinua ez da aurreko lanetan besteko gordina eta Jaime Guelbenzu abeslariak bere kantatzeko moduan erakutsi duen garbitasunaren aldeko apustuak oreka eta dimentsio berezi bat ematen dio lanari. Orokorrean arnasa hartzeko aukera gehiago ematen du disko honek zenbait une hunkigarri utziz, baina jatorri oldarkorrak ahaztu gabe.  Indarraren eta sentikortasunaren artean mugitzen da diskoa intentsitatez beteriko oinarri baten gainean. Ederra.

Orain, zuzenean nola moldatzen diren ikustea besterik ez zaigu gelditzen, eta horretarako, gutxienez bi aukera izango ditugu aurki. Bata, irailaren 19an 20:00etan Trintxerpeko Mogambo aretoan, Pontevedrako Unicornibot taldearekin batera. Bigarren aukera Urretxuko txosnetan izango da irailaren 22an Lobo Electrico eta Matxura taldeekin batera. Gustuko baduzue, entzun, ikusi, sentitu eta gozatu!

Loturak:
 

No hay comentarios:

Publicar un comentario