Oraingoan,
eta kostata izan bada ere, musika izango dugu hizpide horma gorri honetan. Behar
duelako musika ere pertsonak garatu ahal izateko. Hitzok idazteko, aurki
Zaragozatik euskal herrietara bisitan etorriko zaigun talde baten azken diskoa
aztertuko dugu. Interlude deitzen dira eta “A
La Deriva” izeneko lana aurkeztera datozkigu.
2006an sortutako proiektu honek urte horretan
bertan argitaratu zuen hiru abestiz osatutako lehen lana, 7” izenekoa. Aurrerapen
horren gibeletik, urte berean “Les
Miserables” diskoa kaleratu zuten eta
ordutik, 2008an “10000 Ans De Vengeance”
eta orain hizpide dugun “A La Deriva”
2012an. Taldearen diskografian belarriak
murgildu ostean, post-hardcore eszenan koka dezakegu taldea inon sailkatzeko
beharrik badugu. Azken lan honetarako gainera, ezaguna dugun musikari bat izan
dute teknikari lanetan, Lisabö taldeko Karlos Osinaga. Eta nahasketak
egiterakoan Hans Krügerren eskua hautatu dute. Elementu hauen baturatik, disko
oso interesgarri eta gomendagarria iritsi zaigu gure burmuinetan gelditzeko asmoz.

Alde batetik, hizkuntzari dagokiona. Orain
arteko diskoetan erdara eta frantsesa erabili dituzte hitzetan, eta esan
beharra dago frantses hizkeraren sonoritatea ezin hobeto ezkontzen dela
post-hardcorearen intentsitatearekin. Baina oraingoan erdara hutsez agertzea
erabaki dute. Rockzone aldizkarian Lorenzo Arrancó gitarra joleak adierazi
duenez, aurreko diskotik zuten ideia hori buruan eta oraingoan egin ahal izan
dute, hitzetan arreta handiagoa jartzea lortuz. Horrela Palestinaren inguruko
mezuak “Viernes de Nakba” abestian, memoria historikoaren inguruko berbak “Olvido”
abestian edo zapalketen inguruko hausnarketak entzungo ditugu “La Voz De Los
Sin Voz” izeneko abesti ederrean, besteak beste.
Bigarren aldaketari, garapen musikala deitzea
egokiago da kasu honetan. Izan ere, aurreko lanetako intentsitatea eta indarra
mantentzen dituzte. Beste lanetako gitarren soinuak bortitzagoak ziren ukitu
leunagoak tartekatuz intentsitateen beharrizanen arabera, baina azken lan
honetan gitarren soinuak likatsuagoak eta sentikorragoak dira. Momentu
batez Explosions In The Sky bezalako
taldeen sonoritate atmosferikoa gogorarazi didate, zeresanik ez azken abestia
instrumentala dela entzutean. Bateriaren soinuak ere bat egiten du gitarren
ildo berrituarekin eta zurruntasuna galdu dute kolpeek. Baxuaren soinua ez da
aurreko lanetan besteko gordina eta Jaime Guelbenzu abeslariak bere kantatzeko
moduan erakutsi duen garbitasunaren aldeko apustuak oreka eta dimentsio berezi
bat ematen dio lanari. Orokorrean arnasa hartzeko aukera gehiago ematen du
disko honek zenbait une hunkigarri utziz, baina jatorri oldarkorrak ahaztu gabe.
Indarraren eta sentikortasunaren artean
mugitzen da diskoa intentsitatez beteriko oinarri baten gainean. Ederra.
Orain, zuzenean nola moldatzen
diren ikustea besterik ez zaigu gelditzen, eta horretarako, gutxienez bi aukera
izango ditugu aurki. Bata, irailaren 19an 20:00etan Trintxerpeko Mogambo
aretoan, Pontevedrako Unicornibot taldearekin batera. Bigarren aukera Urretxuko
txosnetan izango da irailaren 22an Lobo Electrico eta Matxura taldeekin batera.
Gustuko baduzue, entzun, ikusi, sentitu eta gozatu!
Loturak: